Helburua
Begi-arreta garatzea.
Inguruko errealitatea arretaz begiratzea.
Parte-hartzaileak
Taldekide guztiak.
Materiala
Ez da behar
Jolas-eremua
Espazio zabala. Lekualdatzeak egongo direnez, altzariek trabarik ez egitea komeni da.
Denbora
10 min.
Jolasa nahi adina aldiz errepikatu daiteke ikasturtean zehar.
Garapena
• Zotz eginez, aukeratu taldekide bat (jolasten den lehenengo aldian irakaslea bera izan daiteke).
• Elkartu gainerako taldekideak biribil batean. Zutik denak.
• Adostu agindu-emaileak zenbat agindu emango dituen (3-4-5).
• Multzotik kanpo geratu den taldekideak, taldekatze-aginduak emango ditu: osatu taldea kolore bereko begiak dituzuenek, osatu taldea ile kolore bera duzuenek, osatu taldea altuera berdintsua duzuenek…
• Agindua entzun ahala, elkartu aginduaren araberako multzo txikitan.
• Ziurtatu, guztion artean, multzokatzeak zuzen egin direla.
• Osatu berriz biribila eta agindu berria eman.
• Ziurtatu agindu-emaileak, adostutako agindu guztiak (3, 4 edo 5) eman dituela.
• Aukeratu agindu-emaile berri bat.
Gomendioak/aldaerak
• Jolas bera kontzientzia fonologikoa lantzeko erabil daiteke, taldekatze-aginduak aldatuz: osatu taldea izenean letra kopuru bera duzuenek, osatu taldea izenean silaba kopuru bera duzuenek…
• Agindu-emailea aukeratzeko zotz egiteko formula:
AXA MIXA ZILARRA
JOAN JOAN OILARRA
ARDI BELTZA BILARA
OPITXON, BIRIBITON,
TXIN, TXAN, TXON
Iturria: Haur folklorearen bilduma, Xabier Etxaniz, Pamiela