Bingoa (kontzientzia fonetikoa, lexikoa eta silabikoa)

Helburua

Kontzientzia fonetikoa, lexikoa eta silabikoa lantzea.

Parte-hartzaileak

5-7 laguneko taldeak (4 jokalari + gidari bat / 6 jokalari + gidari bat).

Materiala

Unitate bakoitzeko hiztegi-txarteleko hitzekin prestatu ditugun letra eta SILABA-BINGOak. Ikasturtean zehar metatzen joango gara.

Jolas-eremua

Batzuetan lekualdaketak egingo dira, beraz, mugimendua posible egingo duen espazio zabala; altzariek trabarik ez egitea komeni da.

Denbora

15 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa ikasturtean zehar.

Garapena

• Aukeratu LETRA-BINGOa edo SILABA-BINGOa .
• Aukeratu, zotz eginez, jokalari bat jokoa gidatzeko.
• Banatu bingo-txartelak beste jokalarien artean.
• Irakurri txartelean dauden letrak (edo silabak). Horretarako, lagunen edo irakaslearen laguntza eska daiteke.
• Jokoa gidatzen duenaren eginbeharra:

– Hartu LETRA (edo SILABA) guztien txartelak dituen kutxa.
– Atera kutxatik letra (edo silaba) txartel bat.
– Adierazi ozen txartelak dioena.

• Gainerako jokalariek:

– Begiratu bingo-txartelean ea gidariak adierazi duen letra (edo silaba) ote duten. Hala bada, esan “Nik daukat” eta jokoa gidatzen ari denak letra edo silaba hori emango dio kartoi gainean jar dezan.

• Lerro bat betetzean: esan HITZA! eta irakurri hitz hori. Zuzena bada, aurrera.
• Bingo-txartela betetzean: esan BINGO! eta irakurri hitz guztiak. Zuzen egiten duenak irabazi du, eta jokoa bukatu da.

Gomendioak/aldaerak

Zotz egiteko formula:

ATXIA MOTXIA PEROLIPAN

NIRE SEMEA ERROTAN

ERROTARA NINDOALA

TOPATU NUEN ASTO BAT

KENDU NION BUZTAN BAT

IPINI NION BESTE BAT

ERROTA TXIKIAK

KLIN-KLAN.