Helburua
Alfabetoko letrak norberaren eta ingurukoen izenetan identifikatzea.
Parte-hartzaileak
Taldekide guztiak.
Materiala
Alfabeto-txartelak.
Jolas-eremua
Taldekide guztiek U bat osatzeko adina zabal den espazioa.
Denbora
10 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa ikasturtean zehar.
Garapena
• Osatu ikasle guztiekin U bat. Denak zutik.
• Jolasa gidatzen duena (lehendabiziko aldietan irakaslea izatea komeni da) U-aren aurrean kokatuko da alfabeto-txartel guztiak eskuetan dituela.
• Gidariaren eginbeharra:
– Altxatu alfabeto-txartel bat guztiok ikusteko moduan.
– Eman agindua: zuen izenean txarteleko letra duzuenak eseri.
– Eseri baino lehen, ikasleak izena ozen esan beharko du, benetan letra izen horretan identifikatu duela ziurtatzeko.
– Eman hurrengo agindua, zutik geratu diren ikasleentzat: zuen ama/aitaren izenean txarteleko letra duzuenak eseri.
– Jarraitu aginduak ematen, ahalik eta ikasle gehien eseri arte: zuen
anaia/arreben/neba/ahizpen izenean txarteleko letra duzuenak eseri, zuen amona/aitonaren izenean txarteleko letra duzuenak eseri…
• Ikasleek, eserita daudenean, nahiz eta hurrengo kontsignari lotutako izenetan ere txarteleko letra identifikatu, ez dute adierazi beharrik.
• Errepikatu dinamika bera beste letra-txartel batekin.
• Jolasa gidatzen duenak erabakiko du zenbat txartel atera, beti ere, jokalarien arreta eta motibazioa mantentzen dituela ziurtatuz.