Helburua
Alfabetoko letrak konbinatuz, hitzak eratzea.
Bokalak edo kontsonanteak aldatuz, hitz berriak sortzeko aukeraz ohartzea, eta sortzea.
Taldean hitzak sortuz norberaren hiztegia aberastea.
Parte-hartzaileak
Taldekide guztiak.
Materiala
Alfabeto-txartelak. 5 alfabeto-joko gutxienez.
Jolas-eremua
Espazio zabala. Lekualdaketak egingo direnez, altzariek trabarik ez egitea komeni da.
Denbora
20-30 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa ikasturtean zehar.
Garapena
• Banatu jokalari bakoitzari alfabeto-txartel bat. Jokalari batek baino gehiagok letra bera izatea komeni da.
• Eman kontsignak jokalariei:
– Har ezazu tokatu zaizun letra bi eskuekin eta jarri bularraren parean guztiok ondo ikusteko moduan.
– Mugitu alfabeto-txartela ikusgai duzula.
– Saiatu hitzak sortzen, beste jokalarien letrekin elkartuz.
– Talde txiki batek hitz bat osatu duela uste duenean, eseri txoko batean.
• Jokalari gehienak talde txikietan hitzak osatuz eseri direnean, eman amaiera jolasaren lehen parteari (nahiz eta guztiek hitza eratzea ez lortu).
• Banan-banan hitza osatu duten taldekideak altxatuko dira, eta jokoa gidatzen duenak hainbat dinamika planteatuko ditu:
– Hitza osatu duen taldeak, zutik, letrak ondo ordenatuta, erakusgai eta ikusleei begira jarrita, hitza aurkeztu behar du.
– Irakurri hitza guztion artean.
– Erabaki letra guztiak ote dituen, ondo ordenatuta dauden… eta aldaerak proposatu.
– Gonbidatu jolastera hitza osatzea lortu ez duten jolaskideak: Aldatuko al zinateke taldeko norbaitekin? Zeinekin? Nola geratu da hitza orain? Adibidea: Demagun hitza T O M A T E, dela, eta norbaitek dio: nik U letra dut eta A duenaren lekua hartuko dut. A letra duen jokalaria eseri egingo da, eta bere tokian U letra duena jarriko da.
– Zer hitz idatzi dugu orain? T O M U T E. Barregarria, ezta? Norbait gehiago animatuko al da aldaketak egitera, ea beste zerbait barregarria idazten dugun?- Norbait hitza luzatzera animatuko al da? T O M A T E.
– Nik A daukat! Non jarriko zara? Bukaeran. Orain T O M A T E A idatzi dugu. Nik K daukat! Non jarriko zara? Bukaeran. Orain T O M A T E A K idatzi dugu.
– Zentzugabekeriak, aldaera barregarriak ere idatz daitezke.
Taldetxoak proposatu duen oinarrizko hitzean aldaketak egiten ditugunean, utzi argi ikasleei noiz sortu ditugun zentzuzko hitzak, eta noiz aldaera barregarriak edo zentzugabekeriak. Zentzugabekeriak sortzen ditugunean, hitzekin/letrekin jolasean ari gara. Letrak gehitzen/aldatzen zentzuzko hitz berriak sortzen ditugunean, hiztegia eta gramatika ezagutzak aberasten ari gara.