Hitz-dueluak

Helburua

Hiztegia aberastea.
Aldez aurretik ikasitako testu bateko hitzak identifikatzea.

Parte-hartzaileak

Taldekide guztiak.

Materiala

Hiztegi-txartelak.
Poema-txartelak: aho-korapiloen, asmakizunen, olerkien… hitzak.
Unitate bakoitzak hiztegi-txartelen bilduma eta material didaktikoen hitzak izango ditu, beraz, ikasturtean zehar metatzen joango gara.

Jolas-eremua

Taldekide guztiek bi biribil kontzentriko osatzeko adina zabal den espazioa.

Denbora

5 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa unitatean zehar.

Garapena

• Osatu bi biribil kontzentriko jokalari guztien artean, bikoteka, parez pare elkarri bizkarra emanez.
• Banatu hiztegi-txartelak jokalarien artean.
• Norberak ikusi-irakurri bere hitza, eta saiatu besteek ikus ez dezaten.
• Hartu hiztegi-txartela bi eskuekin eta bular parean jarri, buelta emandakoan parekoak ondo-ondo ikusteko moduan.
• Hasi dueluak:

– Jokoa gidatzen duenak 1-2-3! esatean, buelta eman eta beste jokalariaren txartelean jartzen duena irakurtzen lehena denak irabaziko du duelua.
– Oharra: oso garrantzitsua da buelta ematen dutenean txartela bular parean bi eskuekin ondo helduta edukitzea, beste jokalariak ondo-ondo ikusteko moduan! Hori egin ezean, beste jokalariari ezinezkoa egingo zaio kontrarioaren txarteleko hitza irakurtzea!

• 10 segundo pasatu eta gero, jolasa gidatzen duenak “bat eskuinera!” esaten duenean, barruko biribilean daudenek pauso bat eskuinera emango dute, horrela bikote aldaketak eginez.
• Berriz ere lehenengo jolaskidearekin elkartzen direnean bukatuko da jokoa.

Gomendioak/aldaerak

Zenbakien identifikazioan trebatzeko joko bera egin daiteke, baina zenbaki-txartelekin.