Helburua
Hitzak konbinatuz, esaldi koherente, kohesionatu eta zuzenak sortzea.
Parte-hartzaileak
Taldekide guztiak.
Materiala
Kategoria gramatikalak kontuan hartzen dituzten hitz-txartelak: izenak, adjektiboak, deklinatutako hitzak (nora, norekin, norentzat…), aditz nagusiak, aditz laguntzaileak…
Txartelak aldez aurretik prestatuta eduki ditzakegu, edo jolasa hasi baino lehen partaide bakoitzari DIN A4 laurden bat eman, eta modu ulergarrian hitz bat idazteko eskatu. Horrela eginez gero, kategoria gramatikal desberdinetako hitzak izango ditugula ziurtatu behar dugu (partaide bakoitzari guk esanez zer idatzi, edo, taldeka, aukerak emanez: zuek “nora?” galderari erantzuten diotenak – mendira, hondartzara…, zuek “norekin”, zuek “ekintzak”…)
Jolas-eremua
Jolasaren prestakuntzarako: hitzak partaideekin prestatu behar baditugu, guztiok eroso eta modu ulergarrian idatzi ahal izateko mahaiak dituen espazio bat beharko dugu.
Jolasaren garapenerako: espazio zabala. Lekualdaketak izango dira, beraz, altzariek trabarik ez egitea komeni da.
Denbora
20-30 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa ikasturtean zehar.
Garapena
• Banatu hitz-txartelak taldekideen artean. Bakoitzari bat.
• Eman kontsigna:
– Har ezazu tokatu zaizun hitz-txartela bi eskuekin eta jarri bularraren parean guztiok ondo ikusteko moduan.
– Mugitu hara-hona hitz-txartela ikusgai duzula.
– Saiatu esaldiak sortzen, beste jokalarien hitzekin elkartuz.
– Talde txiki batek esaldi bat osatu duela uste duenean, eseri txoko batean.
• Esaldiak osatuta talde txiki gehienak eseri direnean, eman amaiera jolasaren lehen parteari (nahiz eta guztiek esaldia eratzea ez lortu).
• Banan-banan, esaldia osatu duten taldekideak altxatuko dira, eta jokoa gidatzen duenak hainbat dinamika planteatuko ditu:
– Esaldia osatu duen taldeak, zutik, letrak ondo ordenatuta, erakusgai eta ikusleei begira jarrita, esaldia aurkeztu behar du.
– Irakurri esaldia guztion artean.
– Esaldi koherentea ote den erabakiko dugu, eta proposatu aldaerak.
– Gonbidatu jolastera esaldia osatzea lortu ez duten jolaskideak:
Aldatuko al zinatekete taldeko norbaitekin? Zeinekin? Nola geratu da esaldia orain?
Adibidea: Demagun esaldia NIRE AITAREKIN PARKERA JOAN NAIZ dela, eta norbaitek dio, nik ANAIAREKIN hitza dut eta AITAREKIN duenaren lekua hartuko dut. AITAREKIN hitza duen jokalaria eseri egingo da, eta bere tokian ANAIAREKIN duena jarriko da.
Zer esaldi idatzi dugu orain? NIRE ANAIAREKIN PARKERA JOAN NAIZ. Beste norbait animatuko al da aldaketak egitera, ea beste zerbait idazten dugun? HONDARTZARA… NIRE ANAIAREKIN HONDARTZARA JOAN NAIZ.
Norbait esaldia luzatzera animatuko al da? Nik GAUR daukat!, Non jarriko zara? Hasieran… GAUR NIRE ANAIAREKIN HONDARTZARA JOAN NAIZ.
Zentzugabekeriak, aldaera barregarriak ere idatz daitezke.
Taldetxoak proposatu duen oinarrizko esaldian aldaketak egiten ditugunean, argi utzi ikasleei noiz sortu ditugun zentzuzko esaldiak, eta noiz aldaera barregarriak edo zentzugabekeriak. Zentzugabekeriak sortzen ditugunean, hizkuntzarekin jolasean ari gara, eta hausnarketa gramatikalak egitera ere bultzatuko ditugu. Hitzak gehituz eta aldatuz zentzuzko esaldi berriak sortzen ditugunean, gramatika aberasten ari gara.