Prendak

Helburua

Idatzizko testu laburrak ulertzea.

Parte-hartzaileak

Taldekide guztiak elkarrekin edo 4 laguneko talde txikitan (talde heterogeneoak izatea komeni da).

Materiala

LH 1 unitate bakoitzeko 10 PRENDA-txartel izango ditugu. Ikasturtean zehar metatzen joango gara (1.2 unitateetan prenda-txartelak agindu laburrak izango dira: SALTO EGIN, MAKURTU…).
Antzara-jolaseko taula bat erabil daiteke.

Jolas-eremua

Taldekide guztiak biribil batean esertzeko adina zabal den espazioa.
2-4 lagun elkar daitezkeen txoko bat. Mahai baten inguruan nahiz lurrean izan daiteke.

Denbora

10-15 min.
LH 1ean taldekide gehienek esaldi laburrak irakurtzeko gaitasuna bermatua dutenean, jolas hau gure errutinan txerta dezakegu.

Garapena

Talde handian egiten badugu:

• Elkartu biribilean.
• Sartu kutxa batean prenda-txartelak.
• Jarri musika eta mugitu kutxa eskuz esku.
• Musika isiltzen denean, kutxa eskuetan duenak hasiko du dinamika:

– Hartu kutxako txartel bat.
– Irakurri, isilean, txartelak dioena (bakarka beharrean, binaka egin daiteke irakurketa).
– Egin txartelak dioen ekintza.
– Irakurri, boz goran, txartelean jartzen duena.

• Erabaki guztion artean, prenda egin duenak txartelean agindutakoa egin ote duen ala ez.

Talde txikitan aritzeko:

• Hartu antzara-jolaseko moduko taula bat.
• Erabaki zein izango den “prenda-laukia”.
• Aukeratu nork hasiko duen partida, nahi bada, zotz eginez.
• Lehen jokalariak dadoa bota eta bere fitxa mugitu.
• “Prenda-laukia”n eroriz gero, hartu prenda bat eta egin.
• Prenda egin behar duenaren jarraibideak:

– Irakurri, isilean, txartelak dioena.
– Egin txartelak dioen ekintza.
– Irakurri, boz goran, txartelean jartzen duena.
– Erabaki guztion artean, prenda egin duenak txartelean agindutakoa egin ote duen ala ez. Zuzen egin badu, hurrengo jokalariari pasatu txanda. Zuzen egin ez badu, lauki bat atzera mugitu fitxa.

Gomendioak/aldaerak

PRENDAK SORTUKO DITUGU.

• Aldaera hauen bidez, testu laburrak irakurri eta ulertzea ez ezik, testu koherente, kohesionatu eta zuzenak idaztea izango dugu helburu.
• Hasieran, testuak idatzi beharrean, agindu motzak idatz ditzakegu: SALTO EGIN, MAKURTU, OIHUKATU, BEGIAK ITXI, IBILI…

1. ALDAERA
Taldekide guztiok elkarrekin jolasteko:

• Banatu taldekideak talde txikitan (3-4 lagun).
• Talde txikitan elkartu eta gero:

– 3-4 prenda idatzi, taldekide bakoitzak bat.
– Taldekide guztien artean errepasatu eta hobetu idatziak.

• Sartu prenda guztiak kutxa batean.
• Jarri musika eta pasatu kutxa eskuz esku.
• Musika isiltzen denean, kutxa eskuetan duenak prenda hartu eta, “garapen” atalean azaldutako pauso berak emanez, prenda egin.

2. ALDAERA
Taldekide guztiok elkarrekin jolasteko, talde txikitan lehiatuz.
• Banatu taldekideak talde txikitan (3-4 lagun).
• Banatu talde bakoitzari egunkari edo aldizkari zaharrak eta hiru post-it paper.
• Taldekideen artean, idatzi post-it paper bakoitzean prenda bat (idazkariak txandatuz).
• Egunkari-paper batekin egin pilota bat eta itsatsi bertan post-it bat. Bildu pilota beste egunkari-paper batean eta itsatsi 2. post-it-a… Horrela, hiru post-it paper bilduta eduki arte.
• Talde guztiek pilota prest dutenean, bota pilotak airera.
• Hartu zure taldekoa ez den pilota bat.
• Desegin pilota pixkanaka eta, taldekideen artean, egin topatzen dituzun prendak.

3. ALDAERA
• Idatzi DIN A4 erdi batean PRENDA bat.
• Tolestu papera.
• Denok prest gaudenean, jolasa gidatzen duenak musika jarriko du eta, papera eskuan dugula, gelatik zehar ibiliko gara.
• Musikak irauten duen bitartean, eman elkarri eskua eta trukatu paperak elkarren artean (edo buelta eman eta paperak atzeraka bota ditzakegu, edo biribilean elkartu eta paper guztiak hegan zerura bota ditzakegu…).

• Musika isiltzen denean, jaso duzun papera (edo hartu duen papera) irakurri eta egin bertan jartzen duen prenda.