Helburua
Idatzizko testu laburrak ulertzea.
Parte-hartzaileak
Taldekide guztiak elkarrekin edo 4 laguneko talde txikitan (talde heterogeneoak izatea komeni da).
Materiala
LH 1eko 3. unitatetik aurrera unitate bakoitzeko 10 ALDREBESKERIA-txartel izango ditugu. Ikasturtean zehar metatzen joango gara.
Antzara-joko taula bat erabil daiteke.
Jolas-eremua
Taldekide guztiak biribil batean esertzeko adina zabal den espazioa.
2-4 lagun elkar daitezkeen txoko bat. Mahai baten inguruan edo lurrean izan daiteke.
Denbora
10-15 min.
LH 1ean taldekide gehienek esaldi laburrak irakurtzeko gaitasuna bermatua dutenean, jolas hau gure errutinan txerta dezakegu.
Garapena
Talde handian egiten badugu:
• Elkartu biribilean.
• Sartu kutxa batean aldrebeskeria-txartelak.
• Jarri musika eta mugitu kutxa eskuz esku.
• Musika isiltzen denean, kutxa eskuetan duenak hasiko du dinamika:
– Hartu kutxako txartel bat.
– Irakurri, isilean, txartelak dioena (bakarka beharrean, binaka egin daiteke irakurketa).
– Irakurri, boz goran, txartelean jartzen duena.
– Azaldu zentzugabekeria zertan datzan, eta eredu zuzena eman.
• Erabaki, guztion artean, asmatu ote duen ala ez.
Talde txikitan aritzeko:
• Hartu antzara-joko moduko taula bat.
• Erabaki zein izango den “aldrebeskeria-laukia”.
• Aukeratu nork hasiko duen partida, nahi bada, zotz eginez.
• Lehen jokalariak dadoa bota eta mugitu bere fitxa.
• “Aldrebeskeria-laukia”n eroriz gero, hartu txartel bat eta jarraitu prozedura:
– Irakurri, isilean, txartelak dioena.
– Irakurri, boz goran, txartelean jartzen duena.
– Azaldu zentzugabekeria zertan datzan, eta eredu zuzena eman.
– Erabaki, guztion artean, asmatu ote duen ala ez.
– Zuzen egin badu, pasatu txanda hurrengo jokalariari, zuzen egin ez badu, mugitu fitxa lauki bat atzera.
*Nahi izanez gero, antzara-jokoko taulan bi lauki aukera daitezke: bat “prenda-laukia”, bestea “aldrebeskeria-laukia” eta bietara batera jokatu.
Gomendioak/aldaerak
Ikasleak, idazketa-sistema menderatzen doazen neurrian, aldrebeskeria-txartelak eurek sortzera anima ditzakegu.