Binaka idazten

Helburua

Hitzak egoki idaztea.
Hitzak konbinatuz esaldi koherente, kohesionatu eta zuzenak idaztea.

Parte-hartzaileak

2 jokalari.

Materiala

Kolore desberdinetako bi margo edo errotuladore.
Papera.

Jolas-eremua

2 lagun elkar daitezkeen txoko bat. Ergonomia egokia zaintze aldera, hobe mahai baten inguruan bada.

Denbora

10 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa ikasturtean zehar.

Garapena

• Elkartu binaka.
• Aukeratu margo edo errotuladore bat (bakoitzak bat).
• Aukeratu, zotz eginez, nor hasiko den.
• Hasten denak letra bat idatziko du paperean (adb: E).
• Besteak, letra horren ondoan, beste letra bat idatziko du, beti ere bien artean hitz bat idazteko intentzioarekin, baina zein hitz idatziko duten adostu gabe eta ozen esan gabe. Bataren eta bestearen parte hartzearekin, azkenean, bien artean, aldez aurretik pentsatuko ez zuketen hitz bat sortuko da (adb: EL… jarraitu dezakete ELEFANTE… edo beste bide bat har dezake hitzak ELORRIO).
• Hitz bat idatzi eta gero, jolasa berriz has daiteke.

Gomendioak/aldaerak

Kodea gehiago menderatzen dutenean, partaide bakoitzak HITZ bat idatz dezake txanda bakoitzean. Oraingo honetan, bien artean esaldi koherente eta zuzen bat idaztea izango da helburua.
Ahalik eta esaldi luzeena idaztera anima ditzakegu…
Bikoteen artean txapelketa txikiak antola ditzakegu esaldirik edo hitzik luzeena
(deklinabidearekin jolas daiteke) zeinek idazten duen aukeratzeko.