Esku-berotzeko ariketak

Helburua

Idazten hasi baino lehen eskuak berotzea, ondoren arkatza egokiago hartu eta eskua arinago mugitu ahal izateko.

Parte-hartzaileak

Taldekide guztiak.

Materiala

Ez da behar

Jolas-eremua

Batzuetan lekualdaketak egingo dira, beraz, mugimendua posible egingo duen espazio zabala; altzariek trabarik ez egitea komeni da.

Denbora

5 min.
Ikasturte osoan zehar errutina moduan egingo dugu.
Idazketa-proposamen bat egin baino lehen, errutina moduan egin daitezkeen ekintzak.

Garapena

• Paseatu gelan zehar isilik eta eman eskua elkarri, besarkatu…
• Osatu biribil handi bat eta, eskuekin txaloka, markatu erritmo desberdinak. Kide batek erritmo bat asmatuko du eta besteek errepikatu egingo dute txandaka.
• Eman elkarri masajetxo bat, binaka.
• Binaka, egin batak besteari bizkarrean marrazkiak hatzekin, besteak zer den asma dezan: forma geometrikoak, zenbakiak, letrak…

Gomendioak/aldaerak

• Binaka proposatzen diren jolasetan, txandaka, aldatu bikotez: bi biribil egin daitezke, bata bestearen barruan. Seinale batez, barrukoak eskuinaldera mugituko dira.
• Aldi bakoitzean, proposatzen diren ekintzetako bakarra egin.