Helburua
Alfabetoko letrak identifikatzea.
Parte-hartzaileak
Taldekide guztiak.
Materiala
Alfabeto-txartelak. 5 alfabeto-joko izatea komeni da.
Lurrean biribilak markatzeko materiala: uztaiak, sokak, klarionak…
Musika.
Jolas-eremua
Espazio zabal bat. Altzariek trabarik ez egitea komeni da.
Denbora
10 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa ikasturtean zehar.
Garapena
• Prestatu espazioa: lurrean uztaiak jarri, edo sokekin/klarionekin biribilak markatu. Espazioa eta taldeko kide kopuruaren arabera biribil gehiago edo gutxiago prestatu, 10 kopuru egokia da.
• Sartu alfabetoko letra bat uztai edo biribil bakoitzaren barruan.
• Eman jokalari bakoitzari alfabetoko letra bat. Jokalari batek baino gehiagok letra bera izatea komeni da.
• Eman kontsigna:
– Musika jarriko dut.
– Musika dagoen bitartean hara eta hona ibili.
– Musika geratzen denean, norberak eskuan daraman alfabetoko letra bera duen biribilean sartu.
• Egiaztatu jokalari guztiak biribil egokian sartu direla.
• Trukatu jokalarien artean alfabeto-txartelak, eta jolasa berriro hasi.
Gomendioak/aldaerak
Oso interesgarria da, gelako material gisa ditugun alfabetoez gain, alfabeto-txartelak gelan bertan aldez aurretik prestatzea: eraman aldizkariak gelara, sortu letrak plastika txokoan… Zenbat eta eredu anitzagoak izan, hobeto; horrela, jokalariek hainbat tamaina eta grafiatako letrak izango dituzte.