Helburua
Hiztegia aberastea.
Aldez aurretik ikasitako testu bateko hitzak identifikatzea.
Memoria bisuala eta arreta lantzea. Hitzak egoki idaztea.
Parte-hartzaileak
Taldekide guztiak.
Talde txikitan idatzi: 2, 3 edo lau lagun.
Materiala
Hiztegi-txartelak.
Aho-korapiloen, asmakizunen, olerkien… hitzak.
Unitate bakoitzak hiztegi-txartelen bilduma eta material didaktikoen hitzak izango ditu, beraz, ikasturtean zehar metatzen joango gara.
Paperak, arkatzak eta borragomak.
Jolas-eremua
Batzuetan lekualdaketak egingo dira, beraz, mugimendua posible egingo duen espazio zabala; altzariek trabarik ez egitea komeni da.
Denbora
15-20 min.
Nahi adina aldiz errepikatu daiteke jolasa unitatean zehar.
Garapena
• Eratu U bat taldekide guztien artean.
• Kokatu jolasaren gidaria Uaren aurrean.
• Jolasaren gidariaren eginbeharra:
– Erakutsi txartelak: irudi-txartelak edo hitz-txartelak izan daitezke.
– 4, 5, 6… txartel erakuts ditzake. Zenbat eta txartel gehiago erakutsi, zailagoa izango da jolasa. Gidariak erabakiko du zailtasun-maila.
• Memorizatu ahalik eta txartel gehien.
• Elkartu talde txikitan: 2, 3 edo 4 lagun.
• Eroso idazteko, joan mahaiak eta aulkiak dituen eremura. Talde txiki bakoitzak paper bat, arkatz bat eta borragoma bat izango du.
• Elkarlanean, gogoratu eta idatzi ahalik eta hitz gehien. Jokoa gidatzen duenak erabakiko du zenbat denbora duten jokalariek hitzak gogoratu eta idazteko
(minutu bat edo bi, adibidez).
• Hitz gehien gogoratu eta zuzen idazteko gai izan den taldeak irabaziko du erronda.
Gomendioak/aldaerak
- Jokoa gidatzen duenak ikasleak idazketako zein etapatan dauden jakin beharko du talde heterogeneoak egiteko, eta jokoaren zailtasun-maila erabakitzeko.